pêcheur de poulpes

Ibilbidearen amaieran Blaise Guirao-ren seigarren eskultura erraldoia dago: pêcheur de poulpes.

Eguraldi ederra egiten du, eguzkitan epel eta itzaletan hotz; jende andana dabil Abbadia eremuan itzulinguruka. Olagarro biltzailea kokatzen den soilgunetik aurreko hiruak ikus daitezke; chasseur de baleines, corsaire eta surfeur. Zelaia okupatzen duten jentilak; gizakiok bezala, baina beste eskala batean.

Sei eskulturen artean mugimendua hobekien irudikatzen duena da pêcheur de poulpes. Hanka bakarraren gainean, animalia eskuin eskuan zintzilik duela, burrukan edo ihesean, ehizatu berri duenaren bozkarioz. Haren besoetan kolore anitzeko pieza da itsastarra.

Blaise Guirao artista surfeur-ari eroritako planche de surf-a jartzen ari zaio. Ikusi egin nau urrutira. Nigana dator. Ni bere erraldoiari beha nago.

“Animalia bitxiak dira olagarroak!”, egin dit oihu Guirao-k gerturatu ahala; “zortzi hanka eta hiru bihotzekoak. Tinta botatzen dute inoiz arriskuan badira eta haien odola urdina da, burdinaren ordez kobrea dutelako”. Irudia atsegina da, pentsatu dut, barrea eragiten du.

Ez omen da erraza olagarro-biltzearen lana, jarraitu du Blaise-k isilago; erraz ezkutatzen dira octopoda-k. Ingurunearen kolorea hartzen dute normalean, zaila da harroka artean haiek bereiztea. Lotsatiak, inoiz arrotzen presentzia sumatzen badute itxaroan gelditzen dira. Guztiarekin, azkarrak; primateen ostean, izaki intelijenteenak direla esaten da.

Guirao-k eman dizkidan xehetasun guztien artean batek bereganatu du nire arreta: olagarroek hiru bihotz dituzte. Hiru bihotz gorputz bakarrean taupadaka imajinatu ditut. Nola bizi hainbeste taupadekin eta taupada guztiak berdinak ote dira. Biltzaileak olagarroaren buru azpian behatzak jarri eta buelta emandakoan, hiru bihotzek batera ala bata bestearen ondoren uzten ote diote taupa egiteari.

Pêcher de poulpes-a utzi eta ehun metro eskasen ondoren, Nekatoeneara heldu naiz.

Blaise Guirao agurtu dut.

Hemen amaitu da Abbadia eremuko nire ibilaldia.

Oharra: Blaise Guirao-ren sei eskulturak azaroaren amaierarte egongo dira Abbadia eremuan erakusgai.

enperadorearen logela

Ezker hegalaren lehen solairuan, korridorearen amaieran, logela borobila dago.

Bertara urratsak gerturatu eta gelaren zurruntasunarekin egin dut topo. Errezeladun ohea eskuinetara, sutondoa haren aurrean, altzairu ilunak, milimetrora diseinatutako dekorazio gotikoa. Napoleon III.arentzat egindako logelan nago aho-zabalik.

Anton Abbadiak Brasilera bidaian ezagutu zuen Bonaparte printzea 1836an. Geroago Frantziako Errepublikaren presidente bihurtu eta azkenik enperadore izango zenak, Abbadia senar-emazteen adiskidetasuna medio, hitz eman zuen gazteluaren azken harria jarriko zuela. Etortzen zenerako eraiki zitzaion gela hau Napoleon III.ari.

Logela begiratu dut. Xehetasunetan gal ninteke, berehalakoan doakit begia.

Tximiniak hamaseigarren mendeko ereduak jarraitzen ditu eta zuretan zizelkatua San Anton Handiaren irudia azaltzen du, ermitariarena. Egipton jaioa, basamortuan igaro zuen bere bizitza, hortik fraile zahar eta eiharraren itxura. Bere oinetara ingelesezko esaldia: “Bizitzaren eginbehar nekagarrietatik urrun, bizitzaren kezka eta gerletatik urrun, bakardadean gustura nago; ermitariak deitzen zaitu bere bakardadera”. 

Hormak tonu ilunetan margotuak daude, teknika bereziekin eskuz eginak, eta bat egiten dute altzarien irmotasun eta lekuarekin. Espazioak dagoen horretan du koherentzia. Jabeturik, Abbadiak altzarien atzeko horma zatiak margotu gabe utzi zituen, inoiz inork lekuz alda ez zitzan. Begien aurrean dudan logela honek, beraz, dagoen moduan izan behar du, izango bada.

Dorreko logela borobila 1867an amaitu zen. Handik hiru urtera gerra piztu eta bertan galdu zuen bizia Napoleon III.ak. Hori dela-eta, gazteluko azken harria jarri gabe geratu zen. Behatokiko balkoian harri bat falta da; Abbadia gaztelua obra amaitu gabea da.

Rodin-en eskulturak etorri zaizkit gogora, industrializazioa. Amaitzeke uzten diren lanek iradokitzen duten guztia. Perfektua ez denak duen edertasuna.

Amaitu gabe uzten den poema batek bezala. Adibidez.

Bibliografia:

Anton Abbadia 1810-1897. Patri Urkizu. Bilboko Udala.

de l’autre côté

Idazten dudan gelatik itsaso zatia ikusten da.

Zuhaitzen eta zeru urdinaren artean ur-gazi oihala. Mahaian eserita nagoela Hondarribiako itsasertza, Higer lurmuturra. Hemendik. Bestaldetik.

Idazten dudan gelak ganbara dauka. Bertara igo naiz. Ohol artean mihise zatia topatu dut. Basoa dirudi, ala zelaia, ala huntzez gaindi den horma. Paisaia irudikatzen du, anitza, basatia. Naturaren errepresentazioa da eta aldi berean, abstrakzio hutsera egiten duen irudia. Aurrez egonaldia egindako artista batek utzitako obra zatia idazgelaren ganbaran ahaztua aurkitu dut.

Anne Laure Sacriste-ren paisaiak natura artifizialak dira. Ez ditu figurazioa eta abstrakzioa kontrajartzen; aitzitik, errealetik abiatzen da, naturaren pertzepzioa du eredua. Hautemate hori islatzen saiatzen da keinu batzuen bidez, baina azkenean motiboa erabat ezabatzea lortzen du. De l’autre côté. Bere koadroek naturaren oihartzunak dituzte, erromantikoen nostaljia antzeko bat. Urtsuak dira, mugimendua dute, argitasuna. Ikuslearengan mugimendua sortzen dute, begirada.

Leihotik begiratu dut. Paisaia fokatu, begiak txilotu ditut. Ikusten dudanaren abstrakzioa imajinatzen saiatu naiz. Sacriste-k pintura bidez islatzen asmatu duena.

Nik hitzak ditut margo, orria mihise. Nire abiapuntua ere errealitatea da.

Iturria: Anne Laure Sacriste Nekatoenean egon zen egonaldian 2012ko apirila eta maiatza artean. Bertan garatutako obra de l’autre côté erakusketan ikusgai egon da urrian zehar Angeluko Beatrix Enea eraikinean.

http://www.annelauresacriste.com/

Oharra: lore bakanak blog-a azaroaren 4an amaituko da.

récit de vie

Hendaiako taberna batean nago.

- Le parole et l’écrivain – hasi da Isabel bakarrizketa irakurtzen.

Idazlea, aktoresa eta antropologoa aurrez aurre ditut. Zirkuluan eserita, bakoitza bere aulkian, jende multzoa gaude beren hitzei adi. Ni naiz gazteena. Eta neu, ziurrenaz ere, frantsesa menderatzen ez duen bakarra. Badakit esaten dituzten askoren erdi bidean geldituko naizela eta halere, beren lana ikusleekin elkarbanatzeko egiten ari diren saiakera hau interesagarria iruditzen zait.

Elie-k hamar urtean zehar laurehun eta berrogeita hamar pertsona elkarrizketatu dituztela azaldu du. Elkarrizketa bakoitza bildu du idatziz; le récit de vie. Eta galdera-erantzun sorta horietatik irten dira bere testuak. Batzuetan gaiak berehalakoan sortzen zaizkio eta aldiz, beste batzuetan, isiluneek edota zeharka egindako aipamenek pizten dute bere arreta. Inoiz kasualitatez esandako hitz edo esamolderen bat ere bihurtu da gero bere testuaren gai nagusia. Elie-k dio inkontzienteki egiten duen zerbait dela hori, idazten hasi eta gaiaren nondik norakoaz ere askotan idatzian-idatzian konturatu dela.

Isabel-ek beretzat prozesuaren berritasuna interpretatu behar dituen testuak aurrez ikusleekin eztabaidatzean datza. Beretzat baliotsuena pertsonaia eta bakarrizketak ikuspegi desberdinetatik lantzea da.

Eric-ek antropologia eta antzerkiaren arteko zubiaz hitz egin du. Kulturaren garrantziaz, kultur edukien beharraz gaur egungo gizartean. Eztabaidak, antzerkiak eta literaturak egoerak aldatzeko izan dezakeen indarraz.

Elie-k bere bizitzaren pasarte batzuk kontatu dizkigu. Bere aitonak eta aitak Bartzelonatik alde egin behar izan zuten gerra zibilaren garaian eta Paris-a heldu ziren ihesean. Anarkistak ziren. Elie-ren etxean beti izan dira liburuak, beti irakurri dute gurasoek, aiton-amonek, anai-arrebek. Liburuak dira, azken finean,  botereak gizartean sortutako klase sozialen banaketari ihes egiteko tresna bakarra eta hortik, boteredunek  intelektualei dieten izua.

Beste bakarrizketa batzuk irakurri dituzte. Zenbait hitz oroimenean iltzatuta gelditu zaizkit.

Tabernatik irten eta Hendaiako gau hertsian murgildu naiz luze gabe.

chasseur de baleines

Gaua hurbiltzen ari da piskanaka.

Erlojua ordubete atzeratu bada ere, arratseko zazpitarako ilunak ingurua estali du. Nekatoenea eta itsaslabarren arteko zelaian nabil ibilaldian. Arrastirian Higer itsasargira hodeiek tonu malbak hartu dituzte, itsasertzaren beltzekin nahasian. Hotz egiten du, euririk ez. Erdi ilunpeko segundo hauek berehala aldegingo dutela badakit.

Guirao-ren bale-ehiztari parera heldu naiz: chasseur de baleines. Zutik dagoen eskultura meharra da, ezker besoa gerrialdera eta eskuina altxata duela bizkarrean arpoia eusten du. Balea ehizatzeko prest dirudi.

Eskulturaren atzean ilargia urrezko moneta. Zuhaitz artean suzko esfera edota neoizko ogerlekoa. Baleantziak bere arpoiarekin zulatzen duen globoa. Guiraoren gizona ilargi-ehiztaria da gauez.

Ilunak paisaia zenbat aldatzen duen begiratu dut. Ez dira berdin ikusten bideak, gaztelua, haitzak eta zerua. Urrunera hiriko argi eta zaratak sumatzen dira, baina gaua da hemen. Natura entzun egiten da.

Ilunak bidea erabat ezkutatu aurrez, etxerako itzulian naiz.

Bidean aurrerago Blaise Guirao-ren seigarren eskultura ikusten da: pêcheur de poulpes.

Virginie

Dreifach ist der Schritt der Zeit: Zögernd kommt die Zukunft hergezogen, pfeilschnell ist das Jetzt entflogen, ewig still steht die Vergangenheit.

Friedrick Von Schiller-en esaldia irakurri dut horman.

Gela lasaia da, handia, orientazio ezin hobea du. Gazteluaren ekialdeko hegalean kokatzen da, lehen solairuan. Terraza txiki batetara du irteera eta baita kaperako behatokia ere. Anton Abbadiaren emaztearen logelan nago. Ez da logela arrunta. Aztarna, datu eta xehetasunez josita daude altzariak eta lau horma hauek. Begirada makaldu dut, objektu bakoitzari erreparatu nahi diot. Hemen emakume jakintsu bat bizi izan zen hemeretzigarren mendean.

Berrogeita hamar bat urte zituela, Anton Abbadia Lyon-eko Virginie Vincent de Saint Bonnet andereino gaztearekin ezkondu zen. Ez dakigu gauza askorik emakume hari buruz, ez bada, aski hezitako emakumea zela, noblezia familia batekoa eta literatura zein musika maite zituela batipat. Pianoa jotzen zuen eta klasikoak nahiz erromantikoak irakurtzen zituen Abbadiaren emazteak.

Zenbait autorek dioenez, Virginie izan zen Anton eta bere anaia Arnauld-en arteko liskarren arrazoi nagusia. Halere, Anton emaztearen eskaera eta apeta guztiak asetzen saiatzen zen. Virginiek sukaldari zein zerbitzariak maiz aldatzen zituen eta amarekin Kauteret aldera urak hartzera joateko ohitura zuen. Abbadia senar-emazteek hainbat bidaia egin zituzten elkarrekin, Alemaniara egindako eztei-bidaiaz gain; Brasilera edota Etiopiara egindakoak, kasu. Anton Abbadia hil ostean haren ezagutza zabaltzen eta haren nahia betearazten jarraitu zuen Virginiek.

Logela begiratu dut. Patinaz ilunduta, kortina eta hormetako seda indiarraren urdina altzairuen diseinuarekin bat dator. Zurruna eta dotorea da dekorazioa. Errezeladun ohearen bestaldera, horma erdian marmol beltzeko tximinia dago, baxuerliebean erbizakurrak zizelatuak dituena, ezkonkideen fideltasunaren ikur. Sutondo gainean, latinez idatzitako esaldi ederra: Berotzen dut, baina erretzen dut, baina hiltzen dut. Eta sabaiko habeetan aipatu Schiller-en hitzak.

Abbadiaren emaztearen presentzia imajinatzen saiatu naiz. Emakumeak nire jakinmina piztu du.

Virginiek pianoa jotzen zuela badakigu. Irakurtzeko zaletasun handia zuela ere bai. Baina idatziko ote zuen Abbadiaren emazteak? Eta idaztekotan, … zer idatziko ote zuen hemeretzigarren mendeko emakume ikasi batek Abbadian?

Itzulpena: Hirukoitza da denboraren iragaitea. Zalantzazkoa eta misteriotsua etorkizuna. Gezia bezain lasterra orainaldia. Ibilge eta betierekoa iragana. 

Bibliografia:

Anton Abbadia 1810-1897. Patri Urkizu. Bilboko Udala.

corsaire

Sainte-Anne muturretik Oihan Txikira bidean noa.

Hegaztien migrazio garaia da eta txori-andana ikusi dut hegoalderuntz hegan. Zeruan irudi geometriko ezberdinak marrazten dituzte txori motaren arabera. Ez dakit multzo hau zein espezietakoa den, baina gezi formako arraia beltza dira zeruan. Ederra da hegazti-pasa hauei begira egotea.

Zerura beha nagoela txantxangorria ikusi dut Blaise Guirao-ren eskulturan pausatzen; corsaire-aren buru erdian ezarri da. Imajinak barrea eragin dit. Zurezko eskulturak txatala du begian eta eskuetan sarea, txoriaren papar gorria zeramikazko aurpegiarekin eta egurrekin kontraste nabarmena da. Argazkia aterako nioke oraintxe, une aparta da erretratu baterako.

Corsaire-ari begira nagoela, Kantauri itsasoaren ertzean pirata eta kortsarioak izan zirela gogoratu dut.  Piratak itsasoko lapur arruntak ziren kortsarioen aldean. Azken hauek baimen berezia izaten zuten lapurtzeko, trafiko komertziala eteteko eta gerlaren bidez estatuak babesteko. Gobernuek edota erregeek emandako patente de corso-ak ziren baimen berezi hauek. Bale ehizaren garaiak pasa ondoren, hainbat euskaldun itsasgizonek kortsarioen bidea hartu zuten. Euskal kortsarioak urrun heldu ziren; Europa iparraldera, Ingalaterrara, Afrika aldera eta Amerikako itsasertzera, besteak beste.

Kortsario eta piraten istorioetan murgildurik nintzela txantxangorriak alde egin du. Lehen euri tantak hasi dira eta aterperen baten bila hegaldatu da.

Urratsak azkartu ditut, nik ere estalpea behar dut lehenbaillehen.

Erdiko Uren pareko zelaian Blaise Guirao-ren hurrengo eskultura ikus daiteke: chasseur de baleines.